Piezen hautarketa - MEN

Piezen hautarketa

Eskulangintza

Museoak eskulangintza-tailer oso eta dokumentatuen bilduma bat dauka, balio handikoa historiaren eta didaktikaren aldetik. Jakina, eguneroko gauzak egiteko eta zaintzeko lanbideekin lotuak daude tailer horiek, hala nola buztingintza, larrukigintza, zurgintza, ehungintza, eta abar.

Atal honetan, aipagarriak dira, orobat, burdina forjatuzko 1.800 objektu, XV.-XIX. mende bitartekoak. Horietan ikusten da nola bideratu zen artea eguneroko tresnak egitera.

Egungo eskulangintzako zenbait pieza ere jasoak daude museoan, berak eginiko ikus-entzuneko dokumentazio lanaren fruitu.

Koilara egilearen aulkia

Inbentario zenbakia: 7515
Gaia: enborra eta burdinazko hortza
Neurriak: 95 x 30 x 48 cm.
Nondik ekarria: koilarak egiteko lantegia. José Presto. (Lintzoain, Erroibar, Nafarroa).
Noizkoa: lantegia zabalik egon zen 1950eko hamarkada arte.
Erabilera. Eskulangilea aulkian eseri eta hortza erabiltzen du, ezpel makilak arbastatzeko, ezpela baita koilaren lehengaia. Hortza lotua dago enborrean zirgilo baten bidez.
Iruzkina. Koilara, zoketa, eskalapoi eta zurezko beste gauza txiki batzuk eskuz egiteko lanbideak ia-ia gaur egun arte iraun du Zangozako merindadeko ibar batzuetan. Lurralde horretan ezpeldi ugari dago eta aspaldikoa da artzantza eta gauzak eskuz egiteko ohitura.

Kaiku

Inbentario zenbakia: 8121
Gaia: urki zura
Neurriak: 22,5 x 35 x 22 cm.
Nondik ekarria: Doneztebe
Noizkoa: 1998an egina Jorge Iribarren eskulangileak
Erabilera. Jetzitako esnea zuzenean biltzeko ontzia. Berotu ere bertan egiten zen, harri goriak sartuz, gazta egiteko. Zurak, beroaren eroale txarra baita, denbora luzeagoan edukitzen zuen tenperatura egokiena ontziaren barrenean.
Iruzkina. Zalantzarik gabe, Nafarroako ipar-mendebaldeko eskualdeetan artzain kulturako ontzirik aipagarriena kaikua da. Baztanen, Malerrekan, Bidaso aldean eta Ultzaman egin eta erabiltzen da, baita Aezkoan ere, garai batean (Pirinioak). Kaikua egiteko, urki zura hautatu eta ebaki behar da, beti ilbeheran. Ardatz inklinatuko forma konoenborkara, aho aurreratua eta helduleku goratua ditu kaikuak eta, horri eskerrak, pieza erabilerraza eta eder-ederra da.

Erlijiositate herrikoia

Erlijioa eta superstizioa, jaiera eta magia jarduerak nahasten dira jendearen ohiko bizimoduan. Erlijioa da bizitzaren ardatza. Berak arautzen du, berak ematen dio zentzu traszendentala.

Azkonar atzaparra

Inbentario zenbakia: 7003
Gaia: azkonar atzaparra, zilarrezko zorroan ezarria
Neurriak: 10 x 3,5 cm.
Nondik ekarria: Garesko Santesteban etxea (Nafarroa).
Noizkoa: Ohiko kutuna XV. mendetik XIX. mendearen bukaera arte.
Erabilera. Begizkotik babesteko objektua.
Iruzkina. Ulertzen ez dituen zenbait gaitzetatik libratuko duela uste du kutuna daramanak. Aspaldi-aspalditik (hilarriak eta bestiarioak) begizkoa uxatzeko dela uste den materia inertezko materialek, formek edo ezaugarriek osatzen dute kutuna. Haurrek eta emakumeek erabili zuten maiz azkonar atzaparra begizkoaren kontra. Izanez ere, jendearen ustez horiek zuten sorginduak izateko arrisku handiena. Ukuilu eta eskortetako ateetan ere paratzen zen, etxeko aziendari kalterik sar ez zekion, bizitzeko behar beharrezkoa baitzuten azienda. XX. mendeko aurrerapen zientifiko, sanitario eta sozialek kanporatu zituzten sineskeria horiek pixkana-pixkana, oso hedatuak egon zirenak aurreko mendeetako klase gidarietan ere, Berpizkundeko eta Barrokoko errege-erreginen etxeetako erretratuetan ageri diren kutun eta talisman ugarien arabera.

Nafarroako zeramika herrikoia

Badira 850 tupina baino gehiago, Irunberriko eta Lizarrako eltzegintzako lantegietatik ekarriak, horietako asko zigilatuak eta apainduriz jantziak. Gaur egun itxirik dauden beste lantegi batzuetako piezak ere badira (Tafalla, Marañon, Tutera)

Irunberriko tupina beiraztatua

Inbentario zenbakia: 480
Gaia: buztin egosia eta galena-alkoholaz eta lur gorriz beiraztatua zorro erdiraino.
Neurriak: 49,5 x 36 x 21 ahoaren diametroa.
Nondik ekarria: Irunberriko eltzegintzako lantegiak (Nafarroa).
Noizkoa: XX. mendearen lehen erdialdea.
Erabilera. Gisa honetako tupinak jakiak eta likidoak kontserbatzeko erabiltzen ziren.
Iruzkina. Tupina eltzegintzako ontzi tradizional bat zen. Irunberrin aspaldi handian ziren buztingintzako lantegietan egiten zen. Iruña, Lizarra, Tafalla, Tutera eta Marañonekin batera eltzegintzako zentro garrantzitsua izan zen Irunberri. Etxean erabiltzeko ontziak saltzen ziren handik Nafarroako eta Aragoiko eskualde askotara. 1842an buztingintzako 24 lantegi ziren Irunberrin; 1944an, berriz, zazpi baino ez. Honako ezaugarriak ditu Irunberriko zeramikak: Lardingo buztin gorria, zorro-handi samarra, irregular antza, beiraztatu gardena edo gorrixka eta zenbait apaingarri, hala nola kordoi ungulatuak eta uhindura ebakiko banda gainjarriak. Tupina hau oso apaindua dago: lau kordoi ebaki bihurrian paratuak; hiru uhindura-lerro eta laugarren bat, arrasto paralelo moduan irarria eta botoien aplikazioak dituena. Aipagarria da lepoaren eta bizkarraren intersekzioko botoia; badirudi gurutze bat adierazi nahi duela.

Potiz zoomorfoa

Inbentario zenbakia: 7069
Gaia: buztin egosia eta marroi ilunaz beiraztatua. Eztainu-bernizaz eginiko pintzelkadak ditu.
Neurriak: 13,5 x 16 cm.
Nondik ekarria: Calixto Ybiricu. Lantegia. Lizarra (Nafarroa).
Noizkoa: XIX. mendearen bigarren erdialdea eta 1916 baino lehenagokoa.
Erabilera. Objektu apaingarria, ardoa edo ura zerbitzatzeko.
Iruzkina. Calixto Ybiricuren eta bere seme Severinoren lantegia 1916an itxi zen. “Maisuen maisutzat” hartzen zituzten Lizarrako XIX. mendeko buztingintza herrikoian. Buztingintzako zentro hau XIII. mendetik dokumentatua bazegoen ere, XIX. mendean ezagutu zuen loraldirik handiena, zein langile kopuruari, zein piezen kalitateari dagokienez. Behera jo zuen XX. mendean, eta 50. hamarkadan ia-ia desagertu egin zen. Erliebezko zirkuluetan sartutako Ybiricuren “Y” letrarekin sinatutako piezetan, zezen itxurako potiztxo apaingarri urriak dira bitxienak, ezbairik gabe, abilezia handiz eginak eta, ondorioz, Nafarroako arte herrikoiaren pieza berezi-bereziak.

Ehungintza

Landareetatik eta animalietatik ateratako zuntzak, ehunak eta jantziak lantzeko tresna tradizionalez gainera, zenbait jantzi jaso dira, nazioartean modan zirenak XX. mendearen hasieran. Nabarmentzekoak dira Erronkaribarko emakumeen traje tipikoak, XIX. mendekoak, Uztarrozetik ekarriak.

Paxiak

Nafarroako paxiak edo bataiatzeko edo kristautzeko zerrendak izeneko gerrikoak dira, Espainiako geografiako beste leku batzuetan bezala, haurren artean jartzen zirenak, haurren gaixotasun arruntenetatik babesteko eta, oro har, begiko gaitzetik babesteko, bataiatzen zituzten arte batez ere.

Pieza horiek Jose Mª Satrustegi Arruazuko etnografoak bildu eta argitaratu zituen. Sakanatik eta Ameskoatik datoz. 2021ean sartu ziren Julio Caro Baroja Nafarroako Etnologia Museoaren bilduman.

Harilkaia

Inbentario zenbakia: 7189
Gaia: zur moztua eta torneatua
Neurriak: 64 x 80 cm.
Nondik ekarria: Donibane Garaziko d'Arruget etxea (Nafarroa Beherea).
Noizkoa: XIX. mendea - XX. mendearen lehen herena.
Erabilera. Mataza jartzen zen armazoi birakaria, harila biltzeko.
Iruzkina. Landare edo animalia zuntzak iruteko prozesuaren fase bat betetzen du harilkaiak. Irun eta gero, gaia ehundegira eramaten zen jantziak egiteko. Gorua eta ardatza ederki erabilita zientoka metro hari eskuraturik, harilkaiarekin matazak egin, garbitu eta, behar bazen, substantzia naturalekin tintatzen ziren. Lehengai hau ehungileari eman baino lehen harilak osatu eta, zer ehun nahi zen, haren koloreak nahasi behar ziren. Horretarako mataza harilkatu behar zen armazoi honetan. Gero, ehundegian, hariak mozorkan eta anezkan pasa eta ehunaren diseinua osatzen zen. Ehungintzako lantegi zaharrek beherako joera hartu zuten XIX. mendearen erdialdean, "jacquard" lantegi mekanikoak eta ehun pintatu eta serigrafiatuen moda hedatu zirenean.

Nekazaritza eta abelzaintza

Museoko pieza asko eta asko nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalekoak dira, zenbaitetan aspaldi handiko kulturetatik jasoak, hala nola erromatarrenetik eta musulmanetik.

Artzain-koilara

Inbentario zenbakia: 12984
Gaia: zura
Neurriak: 5,6 x 23,9 x 6,0 cm.
Nondik ekarria: Aezkoa (Nafarroa)
Noizkoa: XIX. mendea
Erabilera. Elikagaiak jateko tresna zein apaingarria, etxeko, andregai eta lagunei oparitzeko ere egiten baitzen, edota enkarguz.
Iruzkina. Artisauek edo artzainek tailatutako tresnak, azken hauek beste lanetan ari ez ziren bitartean, goi-larreetan egon ohi ziren hilabeteetan. Pieza hauetan taila-lan ugari egiten zituzten: irudi geometrikoak, animalienak eta landareenak. Batzuetan, gizaki irudiak tailatzen zituzten, batik bat gai erlijiosoetan. Zenbait koilarak eta artzainen beste tresna batzuk norbaiti eskainiak zeuden, edo jabearen izena eraman ohi zuten, hemen dakargunak horrelakorik ez duen arren.

Altzariak eta etxe-tresnak

Etxe tradizionala bizilekua zen, alde batetik, eta ekoizpen unitatea, bestetik, ekonomia autarkiko eta iraupenekoaren testuinguruan. Familian egiten ziren jardun guztiak biltzen saiatu da museoa. Horietatik gehienak emakumeen munduarekin lotuak zeuden.

Taka-taka

Inbentario zenbakia: 7448
Gaia: zura eta burdinazko bisagrak.
Neurriak: 48 x 133 x 38 cm.
Nondik ekarria: Erriberri (Nafarroa).
Noizkoa: XIX. mendea - XX. mendearen lehen herena.
Erabilera. Haurrari laguntzea lehen urratsak ematen.
Iruzkina. Eskuz eginiko tresna bitxi honetan haurra mugitu zitekeen, erori gabe, maratilatxo batek itxitako bi orriko oholtxo batek eusten baitzion. Jakina, joan-etorrian baizik ezin zen ibili haurra, armazoiaren zirien araberako luzeran.

Kutxa

Inbentario zenbakia: 8421
Gaia: haritza eta gerezia, burdina forjatuzko bisagrak eta sarraila.
Neurriak: 103 x 141 x 70 cm.
Nondik ekarria: Iturmendi (Nafarroa).
Noizkoa: XVII.-XVIII. mendeak.
Erabilera. Kutxa handiak arropa edo bihia gordetzeko erabiltzen ziren, emakumeen arreoan nahitaezko gauza izateaz gainera.
Iruzkina. Kutxa honen aurrealdearen dekorazioa aparta da, duen oparotasunagatik eta edertasunagatik. Eguzkiaren eta izarren antzeko formek bikain egiten dute bat, eta horren fruitu da Nafarroako arte herrikoiaren maisulan hau.