OKIko nazioarteko eguna 2026 - MEN
OKIko nazioarteko eguna 2026
Ospakizun hori 2023an sortu zuen UNESCOk, komunitateen berezko ondare bizia ikusarazteko.
UNESCOren Konferentzia Orokorraren 42. saioak, 2023ko azaroan, Kultura Ondare Immaterialaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen urriaren 17an. 2026an, lelo hau aukeratu zuen: «Pertsonek ondare bizia babesten dute eta kultura-aniztasuna eta giza sormena aberasten dituzte». Urteurrenaren hirugarren edizioa ospatzeko, Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuak bat egin du ospakizun horrekin, eta ondare bizi hori ikusarazteko kanpaina bat antolatu du.
Jota abestu eta dantzatua.
Urriaren 5az geroztik, Myriam Cameros artistak egindako iragarki bat ikus daiteke hiri-eremuan. Iragarki horren bidez, nazioarteko efemeride berri hau sustatu nahi da herritarren artean, eta, horretarako, Nafarroako kultura-ondare immateriala ezagutzeko gonbita egiten zaie hala nahi dutenei.
Iruñeko Hiri Gorputza
Horretarako, ikus-entzunezko emanaldien saio bat programatu da urriaren 20an, asteartea, 19:00etan, Nafarroako Museoko ekitaldi-aretoan, sarrera libre eta dohainik, edukiera osatu arte. "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoak azken urteotan ekoitzitako lau dokumentalak aurkeztuko dira, pertsona askok oraindik ezagutzen ez duten kultura-ondare aberats horren berri emateko Nafarroako herritar guztiei.
Zehazki, honako dokumental hauek osatzen dute programa: Erro Haraneko aziendaren marka (17 "), jota nafarra (13"), laxoa-jokoa (8 ") eta Iruñeko Hiri Gorputza (15"). Horiek guztiak Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren berezko adierazpenak dira, Foru Komunitateko Kultura Intereseko Ondasun izendatutako azken hirurak. Proiekzioaren aurkezpena Susana Irigaray Museoen Zerbitzuko zuzendariak eta Mikel Ozkoidi Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoko buruak egingo dute. Kultura-ondare horrekin erakundeek egindako lana, erronkak, ondare-komunitateekin egindako lana eta hedapenaren eta ezagutza adituaren garrantzia azalduko dituzte, pertsona guztiek baloratu, parte hartu eta gozatu ahal izan dezaten, eta, horrela, ondare hori babestu eta transmititu ahal izan dezaten.

Laxoa
Jarduera horien helburua da herritarrak sentsibilizatzea kultura-ondare aberats hori babesteko eta transmititzeko duten lehentasunezko eginkizunari buruz, bai eta pertsonek eta komunitateek ondare hori beren eskubide kulturalen zati gisa aldarrika dezaten ere.

